Bizi gira… Kutxa bira!

Aurten, berriro ere euskara, euskal kultura eta gure herri nortasunaren adierazle diren hainbat festa eta ekimen ezeztatuak izan dira, edo modu mugatuan egin behar izan dira. Horietan euskal nortasuna, euskararekiko atxikimendua eta herri izatearen kontzientzia, pizten, errotzen, edo sendotzen dira, eta beraz, egin ezin izateak galera ekonomikoetaz gain, sentimentalak ere sortu ditu. Galera sentimental horiek apaltzeko asmoz, badugu hemen Bizi gira… Kutxa bira!
Euskal Herriko egurrezko kutxa baten erreplika txikia da protagonista. Kutxa hori Euskal Herriko itzulia egiten ari da eta herriz herri betetzen. Idatzi motz baten bitartez, herri bakoitzak bere aldarrikapena sartu dio, eta  ostiralean Altsasura ailegatuko da. Guk ere kutxaren edukia aberasten lagunduko dugu!
Arratsaldeko 17:00etan Iortiako zabalgunean Kutxari harrera egingo zaio. Amets Arzallusen mezua irakurtzeaz gain, Altsasuko ametsaren irakurketa ere egingo da. Eta hortik Arbizura!
Kutxa bira Viedmatik (Argentina) abiatu zen martxoaren 20an, diasporari lekua eta hitza eman ondoren, Euskal Herrira iritsi zen apirilaren 8an. Euskal Herriari itzulia egin ondoren, Seguran amaituko du bere ibilbidea, maiatzaren 30ean. Segurako ekitaldian kutxa ireki eta biran zehar kutxan sartutako amets guztien agerraldia egingo da. Herri ezberdinen ametsak bukaerako ekitaldi horretan plazaratuko dira.
Hurbildu zaitez eta parte hartu!

Comments are closed.